Berriak

Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Sustapen Ministerioak AHTaren Abandoko geltoki berriaren proiektua itxi dute

By 2019 / ekaina / 14 No Comments
Gobierno vasco Ayuntamiento de Bilbao

Proiektuak gertuko ingurunearekin integratzeko eta hiri eraldaketarako aukera ematen du, irisgarritasuna hobetzen du, intermodaltasuna sustatzen du eta Europa mailako erreferente nagusien artean jartzen du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Iñigo De La Serna Sustapen Ministroak iragarri dutenez, “Abandoko geltoki berriaren proiektua arrakasta osoz amaitu da”. Sustapen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren erakunde arteko lankidetza ezinbestekoa izan da prozesu honetan guztian. ADIF-Ministerioko eta ETS-Eusko Jaurlaritzako talde teknikoak buru belarri aritu dira lanean, Europa mailako erreferentziazko tren geltokietako bat izango dena definitzeko.

Gertakari hori, abiadura handia Bilbora heltzearen oinarrizko ezaugarrien eta beharren eta linea hori lur azpian sartzearen inguruko akordio historikoa lortu eta urtebetera izan da. Proiektua Bilboko Udaletxean aurkeztu dute gaur inplikatutako erakundeek, jendearen aurreko ekitaldian.

Geltoki berriaren ezaugarriak

Abandoko geltoki berriaren diseinuan segurtasun eta funtzionaltasun irizpideak nabarmentzen dira beste gauza guztien gainetik. Horrez gain, zerbitzu ugari eskainiko dizkiete erabiltzaileei. Adostutako soluzioak geltoki intermodal integratua aurreikusten du, Bilboko Metroarekin lotura zuzena izango duena, autobusetarako 13 dartsena eta baita 550 plaza izango dituen aparkalekua eta taxietarako gunea ere.

Soluzioak espazio zabalak izango dituen geltokia aurreikusten du, erabiltzaileentzako erosotasun handia ekarriko duen diseinuarekin eta, horrez gain, trenaren erabilera osatuko duten hainbat zerbitzu osagarrirako lekua ere izango du.

Geltoki berriak hiriaren zabalgunearekin eta alde zaharrarekin erabateko integraziorako eta hiri eraldaketarako aukera emango du. Geltokirako sarbideak Plaza Biribilean, Hurtado de Amezagan, Jose Maria Olabarri kalean eta Bailen kalean egongo dira. Aldaketa horiek guztiak direla eta, ingurua askoz ere iragazkorragoa izango da.

Geltoki berriak lur azpiko bi solairu izango ditu eta entreplanta bat, zerbitzu osagarri ugari eskainiko ditu, horien artean autobusetarako 13 dartsena eta 550 aparkaleku.

Abandoko geltoki berrian une honetan Bilbora heltzen diren aldirietako eta ibilbide luzeko zerbitzu guztiak elkartuko dira, etorkizunean helduko diren Abiadura Handiko zerbitzuez gain.

Geltokia, 80×25 m inguruko dimentsioak izango dituen sekzio laukizuzeneko elementu gisa egituratuko da, eta erabat lur azpian egongo da, Adifen egungo trenbide zabalgune auxiliarraren azpian. Trenbide horiek guztiz desagertuko dira obrak amaitu ondoren, erabateko iragazkortasunerako aukera emanez. Trenbidea lur azpian sartzeko lanek Cantalojas ingurura jarraituko dute. Leku horretan ere erabat estalita geratuko dira egungo trenbideak.

Funtzionamendu egokirako, 2 maila izango dituen geltokia diseinatu da:

  • -1 mailan aldirietako zerbitzuak egongo dira, Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz lineak, Urduñara doan aldirietako linea eta gaur egungo metro bateko zabalerako Balmasedako linea.
  • -2 mailan, Abiadura Handiko nazioarteko zabalerako trenbideei dagozkien nasak egongo dira.
  • Tartean, entreplanta bat txertatzen da, bertan ibilbide luzeko/Abiadura Handiko geltokira sartzeko ataria egongo da

Sarrera Abandoko egungo geltokiaren ataritik egingo da, Hurtado de Amezaga kalearen kotan, neurri handiko hall baten bitartez. Bertan egongo dira aldirietako eta Abiadura Handiko atariak. Espazio hori, Abandoko egungo geltokiaren metalezko saretazko markesinaren azpian egongo da. Markesina hori azpiegitura berrian integratuko da.

Etorkizuneko hiri antolamenduaren ikuspegitik, soluzioak, inbertsioaren finantzaketari lagundu ahal izango dioten itzulketen aukerak eskaintzen ditu. Halaber, proiektuak behin behineko egoerak ere aurreikusten ditu, izan ere, une oro eutsiko zaie tren zerbitzuei, horrela eragin handiagoak saihestuz.

AHTaren obraren azken txanpa

Tapia sailburuak adierazi duenez, “AHT, nahiko genukeena baino beranduago bada ere, errealitatea da dagoeneko Euskadin, obren azken fasean sartu baikara”.

Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko agindua duen Gipuzkoako tartean, plataforma eraikitzeko lanaren 17 zatietatik 12 amaituta daude, igarobidearen trazatu osoaren %50 baino gehiago, eta aktibo dauden tarteetan, egikaritze maila %70-80 ingurukoa da. Tapiaren hitzetan, erronka nagusia “Bergarako elkargunearen amaieran” dago une honetan eta, batez ere, “abiadura handia hiriburuetara heltzean eta integratzean”.

De La Sernak, Tapiak eta Aburtok udaletxean egin duten iragarpenarekin beste mugarri garrantzitsuetako bat beteko da. Orain Bilbok beste pauso bat eman eta Informazio Azterlana izapidetu dezake. Agian hiruen arteko proiektu konplexuena izango da, hiriaren garapenean benetako iraultza eragingo duen eraikuntza alorreko erronka, duela 150 urte baino gehiago trenbidea hirira heltzeak eragin zuenaren antzekoa.

Duen definizioaren eta konplexutasun maila urriagoaren ondorioz, Donostiakoa izango da hiriburuetan eraikiko diren Euskal Y-aren hiru terminalen artetik lehenbizikoa, eta gainera, hori eraikitzea Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da, Sustapen Ministerioak Gipuzkoako adarra egiteko agindua orain denbora gutxi zabaldu eta gero. Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, lizitatu du dagoeneko Atotxako abiadura handiko geltoki berriaren eraikuntza proiektua (kasu honetan ez da Informazio Azterlanik behar) eta hurrengo asteetan esleituko dira lanak.

Geltoki berria definitu ondoren, berehala emango zaio hasiera Informazio Azterlanaren izapidetzeari, adostutako denbora kronograma betez.

Amaitzeko, Vitoria-Gasteiz Bilboren oso antzeko egoeran dago. Administrazioak lanean ari dira, Arabako hiribururako proiektuaren egituraketan, eta Adifeko eta ETSko taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean, ahalik eta geltokirik hoberena definitzeko. Oraingo honetan ere lur azpiko geltokia izango da, eta Informazio Azterlana izapidetzea eskatuko du. Aurreikuspenak betetzen badira, hurrengo asteetan Gasteizko proiektuak nabarmen egingo du aurrera, eta denbora gutxi barru amaituko da. Euskadiko Trenbide Sare Berria eraikitzeko lanek, beraz, erritmo egokian jarraitzen dute, 2023. urtean zerbitzua ematen hastea errealitatea izan dadin.

Arantza Tapiak adierazi duenez, “Euskadik, gure autogobernu sistemak baino eutsi ezin duen finantza ingeniaritza du, Autonomia Estatutuari, Kontzertu Ekonomikoari eta Kupoari esker”. Sailburuaren esanetan, autogobernuaren tresna horiek AHTaren lanean izan duten “kudeaketa zorrotzak” argi eta garbi erakusten du Kupoaren sistemak Euskadirako estrategikoak diren azpiegiturak eraikitzeko orduan duen potentziala. “Lehentasunezko izaera duen Europa mailako trenbide sarearen definizioan eta egikaritzean partaidetza zuzena duen Europako lurralde bakarra” garela azpimarratu du